XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beltza ez da berez kolore bat.

Esango nuke kolore guztien gabeziak uzten duen ezerezaren forma dela beltza deitzen dugun hori.

Horregatik iruditzen zait misteriotsua Papillons Noirs izenburuak proposatzen duen konbinaketa, airean kolore tantonak garraiatzen dituzten tximeleten eta koloreak ukatzen dituen beltzaren nahaspila.

Baina, bestalde, bizitza osoa eman diodan ofizioaren deskribapenik ederrena iruditzen zait; piano irakaslea naiz S. hiriko musika eskolan, eta benetan sinesgarria da pentagramako notak, batez ere arrasto okerrez ligatuak dauden sailak, tximeleta beltzak direla esatea, disekatuak egon arren bizitza hari bat gordetzen dutenak, eta gu garela, interpreteok, musika tresnei eraginez tximeletak berpiztu ditzakegun bakarrak, txontxongilo batez astinduko bagenitu bezala, entzuleen bihotzetara sar daitezen.

Ikastaro bukaerako kontzertuan jotzea proposatu didatenean atsegin beteaz onartu dut proposamena.

Konposizioa Peças de phantasia izengoitiarekin dator.

Lehen ikustaldiak atzera eragiten du, eta bat-bateko ondoezak ez dit berehalakoan lasaitzen uzten.

Lehen zatiak bost bemoletako hamasei konpas dauzka.